XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mirailaren zolan Hélène RIOUX.

Hor zen oraindik. Beti hor zen, aste hortan, beti geldia.

Garbitzeko gelan, mirailaren zolan. Xuria zen, eta guziz geldia.

Eta beti, egon molde berean. Hiru laurdenez, bainan burua xut, begiak itzatuak.

Bere soinean, jantzi arinak airean zeudela zirudien.

Begira zegoela, han zen, ezer erran gabe.

Bere ixiltasuna xuria zen, eta bere gelditasuna.

Hola etorri zen. Arats batez, argia piztean, Reeves andereak lavaboaren gainean bere zilueta begistatu zuen, bere soa hauteman.

Geroztik, han zen beti, gauaz, egunaz.

Reeves andereak larogei eta hamar urte kunplitu berriak zituen.

Andere xuria heldu baino lehen, beste batzu etorri ziren, bainan gauaz baizik.

Gauzak lekuz kanbiatzen eta bere paperetan miatzen zuten.

Besteak, itzal batzu urrats ixilka apartamendu ttipian harat honatka zabilanak.

Nahiz Reeves andereak atea ongi zerratu, edo leihoak hetsi gatik, murruetarik sartzen ziren.

Eta gero, ziloa bazen. Zilo haundi bat murruan, ogi xigortzailearen atzean.

Hor ziren izkutatzen, egun arastiriaren igurikan.

Gaua jin orduko, jalitzen ziren bederazka, harrabotsik gabe.

Reeves andereak lo kuluxka bat zuelarik, hunkitze arin, hatz egite batzuek bapatean atzartzen zuten.

Hor ziren, tireten barnekoei buruz ukurtuak.

Dudarik gabeko presentziak.

Plakaren ateak berak zabaltzen ziren.

Puskak desagertzen ziren.

Azukre ontzia, eskamazko orraze bat.

Noiztenka ere, gauza baliodunak, bere bankuko liburuxka adibidez.

Egun batez, telebista etzen gehiago martxatu Reeves anderea ixiltasunean hetsia bizi zen.

Egunak luzeak ziren goiznabarretik goiznabarreraino.

Reeves andereak etzuela kasik gehiago lorik egiten.